ZINEBIK KIMUAREN URTEURRENA OSPATZEN

ZINEBIK KIMUAREN URTEURRENA OSPATZEN

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatutako KIMUAK programatik igaro diren 12 film laburren aukeraketa bat proiektatuko du. Kimuak programaren 25 urteak ospatzeko, azken urteotako euskal zinemagile nabarmenetako batzuk ditugu: Estibaliz Urresola Solaguren, Aitor Arregi Galdos edo Borja Cobeaga Eguillor.
Programa Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatu du Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan. 1998an sortu zen, mundu osoan euskal film laburrak sustatzeko eta banatzeko.

Honela azaltzen dute ekimena ZINEBI66ren prentsaurrekoan: “Urtero, Kimuak-en zigilupean, nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetako hautaketa-batzordeek Euskadin urte horetan ekoitzitako film labur onenetako batzuen bilduma bat aurkitzeko aukera dute.”

KIMUAK filmak banatzen hasi zirenetik mende laurden baino gehiago igaro denean, ZINEBIk Estatuan aitzindaria izan den eta euskal zinemaren hedapenean hainbeste lagundu duen programa bat omendu nahi du edizio honetan. Horretarako, katalogotik pasa diren hamabi film labur proiektatuko dira, horietako batzuk ZINEBIn sarituak, eta programa honen zabalkunde-lanari esker munduko zinemaldi garrantzitsuenetako batzuetan proiektatuak izan direnak. Bilboko jaialdian honako hauek izango dira ikusgai:

  • “Ximinoa” (Itziar Leemans, 2023),
  • “Cuerdas” (Estibaliz Urresola, 2022),
  • “Areka” (Atxur Animazio Taldea, 2021),
  • “Azaletik azalera” (Mel Arranz, 2021),
  • “El infierno” (Raúl de la Fuente, 2019),
  • “Mateoren ama” (Aitor Arregi, José Mari Goenaga, 2019),
  • “Gure hormek” (Las Chicas de Pasaik, 2016),
  • “Hotzanak, For Your Own Safety” (Izibene Oñederra, 2013),
  • “Zela Trovke” (Asier Altuna, 2013),
  • “Deus et machina” (Koldo Almandoz, 2012),
  • “La primera vez” (Borja Cobeaga, 2011),
  • “La gallina ciega” (Isabel Herguera, 2005).

Film labur horien bi saio programatu dira, biak Azkuna Zentroko Golem Alhóndiga zinema-aretoetan, larunbatean, hilak 9, 21:30ean eta igandean, hilak 10, 17:00etan.

Kimuak-en esperientzia bederatzi autonomia-erkidegotako ordezkariekin partekatuko da, film laburren banaketa autonomikoko katalogoen hirugarren topaketaren esparruan. Ekimena azaroaren 10ean, igandea, burutuko da Azkuna Zentroan. Honako hauek hartuko dute parte: ShortCat (Katalunia), Shortzinema (Nafarroako Foru Erkidegoa), Cantabria en Corto (Kantabria), Curts (Valentziako Erkidegoa), Quercus (Gaztela eta Leon), Jara (Extremadura), Madrid en Corto (Madrilgo Erkidegoa) eta Andaluziako Ikus-entzunezkoen Sustapen Katalogoa (Andaluzia). Gainera, Cracoviako Film Labur eta Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiko eta Cannesko Zinemaldiko Semaine de la Critiqueko programatzaileek ere parte hartuko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude