Angel Mari Unzueta hil da
Mikel Zarateren dokumentalaren estreinaldia #ZINEBI62an egiteko prestatzen gauden artean Angel Mari Unzueta hil dela jakin dugu: gugaz batera ikusten etortzekoa zen, Azaroaren 17an. Komunikalari ona zela badakigu, 2019an Durangoko Santa Maria elizan egindako grabaketa honetan azaltzen denez.
Labayru Fundazioan honela laburtu dute bere kidearen bizitza emankorra: “Angel Mari Unzueta Zamalloa abade euskalzalea (1952-2020), 68 urte abenduaren 4an beteteko egoala, lagun, ezagun, eleiztar eta herritar asko eta asko harri eta zurtz gelditzen zirala. Zemendiaren 14an, zapatu iluntze beranduan jazo zan, halakorik espero ez genduala. Angel Marik Labayru Fundazioagaz, artean Labayru Ikastegia zanagaz, euki dauen hartuemon nagusia euskal hizkuntza lokarri dala izan da lehenagoko aldietan, eta erakunde hartuemonak dirala azken denporetan. Labayru Fundazioaren sorreraren ardatzetariko bat Derioko Udako Euskal Ikastaroa izan zan, eta Angel Mari be hantxe hasi zan euskera-eskolak euskaldunei irakasten 1975.eko udan, euskal deklinabidea, besteak beste. Eta zeregin horretan jardun eban uda batzuetan.” Gehiago irakurri Labayru.eus-en
Bilboko Eliz Barrutiaren Bizkeliza.org-n ere honela azaltzen dute bere traiektoria profesionala: “Lehenago Herri Irratian aritu izan zan 1973tik, euskerazko irratigintzaren aintzindarien arteko bat izan zalarik. Irratia eta kazetaritza oso gustuko ebazan eta Euskal Telebistako domeketako meza aurreko gidoiak be berak prestatu eta audioa be grabatzen eban. Euskaltzalea, mendizalea, kirolaria, Athletic eta Borussia Dortmund bihotzean eroiazan. Durangon jaio zan orain 67 urte eta Urkiolako santutegiko parrokoa zan bikaritza nagusia on Joseba Seguraren esku geratu zanetik. Bertan mendiaren magalean eta abadetxeko lagun taldeagaz aurkitzen eban bakea. Atzo bertan eurekaz egon zan goiz pasa. Bakea eta adiskidetzearen aldeko behargin nekaezina, Bilboko Bake eta Alkarbizitzako Foroaren kidea zan. Bere whatsappeko egoeran Verfügbar jartzen dau alemanez, `prestu´, beti egoan modura.
Angel Mariren hileta-mezuarekin batera bideo hau egin dute Bilboko Elizbarrutian