Konkistatzeko lurraldea?
Zortzigarren lurraldea eraikitzen ari gara euskaldun guztion artean. Baina… Konkistatu behar al dugu lurralde hori?
Josu Walinok BERRIAn idatziberri duenez, “Euskara biziberritzeko erronka berrien inguruko hausnarketa abiatzean, ezin Internet eta komunikazio digitalak alde batera utzi (…) XXI. mendeko komunikazioak sarea du ardatz, eta hizkuntza bat bertan egotea ez da nahikoa haren desagerpen digitala ekiditeko. Sarea komunikazioa da, hizkuntzen erabilera aktiboa bultzatzen duten sare sozial eta komunikazio digitalek gidatutako komunitate erraldoiaren jarduna.”
KONKISTATU ala ELKARREKIN ERAIKI?
Josuren testuan kontzeptu horren sortzailearen hitzak aipatzen ditu: “Anjel Lertxundik esan zuen Internetek izan behar duela euskararen zortzigarren probintzia. «Hor ez bagaude, gureak egin du», zioen, «Joanak dira familiak, kaleak eta elizak hizkuntza baten transmisioa guztiz ziurtatzen zituzten garaiak»”
Eta bere balorazioa gehitzen du Waliñok: “Hamar urte pasatu dira hitz horiek argitaratu zituenetik, eta diagnostikoa ez da aldatu: iritsi da zortzigarren lurraldea konkistatzeko garaia.”
Ez dut nik Josuren hitzen kontra, ezta guxiago ere 😉
Baina kutsu bat erantsi nahi diot KONKISTA horri, belikoegia ez dadin bihurtu, eta komunikazioaren arlotik, KOMUNitatearen ideia nabarmenduz bere hitzen artean: “Zorionez, euskarak komunitate digital aktiboa du, eta komunitate horrek ahalbidetu du euskara digitalki osasuntsu egotea orain arte. Baina komunitate hori tamaina txikikoa da”
Eta fundazioa seguru nago bat etorriko dela nire proposamenarekin, komunitatea indartzeko (empowerment delakoa bultzatuz) eta bere nortasun digitala garatzeko, pistak eta tresnak eskainiz, lurralde berri hau ELKAR-LANEAN eraikitzen joateko. Okupak izatea baino eraikitzaile inter-aktiboak izan gaitezen GURE konpetentzia digitala garatuz, hiritar bezala eta pertsona antolatu bezala: irakasle nahiz idazle, kazetari nahiz .
Nire kutsuarekin bat etorriko direlaren susmoa, esaldi honetan oinarritzen da: “PuntuEUS Fundazioa prest dago euskararentzat ezinbestekoa den erronka honi heldu eta lankidetzarako indarrak biltzeko, Euskaltzaindiarekin eta lan honetan aritzeko prest dauden gainerako eragileekin”
Zortzigarren Lurraldeak bere aletxoa jarriko du, Hezkuntza esparrutik abiatuta batik bat 🙂
One thought on “Konkistatzeko lurraldea?”
Komunitatea PuntuEUS Fundazioaren lanaren abiapuntua da alor guztietan. Komunitatetik jaio ginen eta Interneteko euskal komunitatea handitzeko helburuarekin egiten dugu lan. Zoritxarrez Berrian toki arazoengatik gure artikulua moztu egin zuten, baina artikulu osoan ikus dezakezu komunitate kontzeptua garatzen dugula guk ere:
“Anjelek proposatutako zortzigarren lurraldea ez dute euskal biztanle digital soilek osatu behar. Gure komunitate osoaren bertsio digitalak osatu behar du, eta komunitate horrek euskararen inguruan bildu behar du bere burua. ”
Artikulu osoa hemen ikus dezakezu: http://www.domeinuak.eus/eu/berria/euskara-eta-internet-zortzigarren-lurraldea-konkistatzen/
Eta zuk diozun moduan, zortzigarren lurraldea elkarrekin eraikiko dugu, esparru guztietatik, hezkuntza barne.
Mila esker ekarpenagatik!