Zortzigarren probintziaren izena eta izana
Anjel Lertxundik izena eman zion lurralde berri honi duela urte batzuk, bere blogean, Hitz Beste. Berrian argitaratzen duen zutabetxoan, blogari atipikoa zela aitortu ondoren, honela zioen 2005ean, Xenpelar parafraseatuz:
“Reno eta Zarautz, Larrabetzu eta Erroma, Eskozia eta Eibar hurbilago daude behin baino gehiagotan gure zortzigarren probintzia deitu diodan eremu horretan. Nago gaur Xenpelarrek Gu gara zortzi probintzi kantatuko lukeela.”
EUSKARA ETA BLOGOSFERA
Analisi xume bat egiten zuen orduantxe, bere ezohizko sistemaz gain (paperean argitaratzen zuen lehendabizi, webean jarri baino lehen), blogen ekarpenei buruz (osorik Hitz Beste blogean dituzu), “baita blogek euskal kulturari egin diezaioketen —egiten ari diren— ekarriaz hausnartu ere”:
- Egunero hainbat artikulu pertsonal (ehun, berrehun…?) ageri dira euskaraz sarean.
- Hedabideetan agertzen ez diren gai asko jorratzen dituzte blogek.
- Gaiak, estiloak, tratamenduak ugariak dira. Euskararen erabilera ere ugaria da.
- Horren guztiaren haritik, hedabide tradizionaletan baino askatasun gehiago antzematen da gaiei heltzerakoan, estiloan, idazkuntzan, debatean…
- Irakurlearena da hiztun baten status normalena (irakurtzen duen kasuan, jakina). Blogek idaztearen ekintza eta idatzitakoa ezagutaraztea errazten dute.
- Aintzat hartzekoa da eusgarriaren erosotasuna, prezioa (hutsaren hurrena) eta malgutasuna.
- Bukatu ez badira, laster hartuko dute azken arnasa cuché paperean argitaratzen ziren aldizkari literario panpoxo garesti haiek. Volgako batelariak bloga diodanaren lekuko.
- Reno eta Zarautz, Larrabetzu eta Erroma, Eskozia eta Eibar hurbilago daude behin baino gehiagotan gure zortzigarren probintzia deitu diodan eremu horretan.
- Iturri tradizionaletatik nekez ezagutuko genituzkeen munduak, ikuskerak, ahotsak (batez ere ahotsak!) jasotzen ditugu.
- Euskarriak posible egiten duen feed-backetarako aukera aparta da, nola ez, blogariaren auto-estimua gizentzeko.
- Stablishment kultural tradizionalak (argitaletxeek, hedabideek…) ezin die mikroa eta bozgarailua eman ahots guztiei. Blogei esker, aukeren berdintasuna posibleagoa da.
- Batasunarekin eta batasunak ekarri duen zuzentasun sindromearekin, jende askok errespetu gehiegi hartu dio idazteari, eta horren kalte-ordain gehiegi ikusi dugu azken urteotan euskalgintzaren zangetan.
- Kontuan dut, jakina, Anaia Nagusiaren kontrola, eta ez naiz esaten hasiko ez diodala beldurrik: bideo-kamera bat baino periskopio espiago bat sartzen zaigu etxean Interneten nabigatzen dugun aldiro. Bai, kontrolatuta gaude!
- Eguneroko bizitzan osatu (osatzen) dugun anaia txikien sareko zentsura hertsiari (Euskal Herrian hain trinkotua dugunari) ihes egiteko modu bat ere izan daiteke blogetako askatasuna.
- Interneteko interaktibitatearen eraginez, idazkuntza eta testuen antolakuntza aldatzen ari dira. ‘Coetzeek esaten du…’ esaldian, aski da Coetzee hitzarekin idazleari buruzko informazioa dakarren esteka bat egitea.
- Azken apuntea: Aurkik, idazleak eta blogariak bereizterakoan, liburu formatuko testuak idatzi dituztenei deitzen die idazle.
Bukatzeko Joxe Aranzabal aipatzen zuen, bere idazle izaeraz gogoeta eginez.