ZINEBI 63an Bertoko Begirada

ZINEBI 63an Bertoko Begirada

El Tesoro de Benito dokumentalaren kartela
Benito Ansolaren filmografia ezagutzeko dokumentala

Atsegina da halako berri ON bat ematea: ZINEBIren 63. edizioan BERTOKO BEGIRADAK atalean dokumental bat estreinatuko du Josi Sierrak Jose Julian Bakedanoren eskutik, Lekeitioko Zine Bileraren sortzailea eta sustatzailea izan zen Benito Ansola Erkiaga artzain zinemazalearen filmografia aztertuz: El Tesoro de Benito du izenburu; Semblanza de Benito Ansola azpizenburua da.

ZINEBIko antolatzaileak zorionduz eta eskertuz hasiko naiz, zinegilea barik (arte asko euki behar da zinema egiteko) ni bideogile xume bat naizela aitortzen dut eta Bakedanoren laguntzarekin lortu dudana izan da Euskal Zinemaren hastapenetara bidaia egitea. Eta bidetik, TRILOGIA bat egiteko materiala aurkitu dugu.
NOLAKOA IZAN ZEN BIDAIA?
Kontatuko dizuet labur-labur nola hasi zen eta zein urrats eman ditugun azaroaren 15ean Ansolaren azalpen filmografiko hau estreinatu ahal izateko.
1. Mikel Zarate idazle-irakasleari buruzko dokumentalaren aurkezpenean (2020.11.17an) ZINEBI62an, Benitok “Dokumentalak egitea gatxa da, pertsonajea hil da gero egitea. Pertsonajea bizi danean hareri buruz egiten danian askoz be errezagoa da” aitortu zuen ikus-entzule guztion aurrean. Eta Bihotz Zabaleko Ameslariaren egileari zuzendutako mezua zela pentsatu nuen. Orduantxe sortu zitzaidan Benito lehenbailehen elkarrizketatzeko premia, 92 urte zituela eta COVID-19ak Lekeition bereziki, oso gogor jotzen zuen hilabeteetan.
2. Negu horretan bertan, pandemian zehar, konfinamendu perimetralen menpean geundela, bere biografia grabatzeko prest ote zegoen galdetuta “berak esan behar dauen guztia esanda dagoela, eta Interneten topatu leikela” erantzun zion mezulari moduan bidali nion lagun bati. Hau entzunda, Benitori buruz beste zerbait berri kontatu beharko genuela pentsatu nuen; baina zer?
3. Lekeitiora hurbilduta, Benitorekin batera antolatzaile izan ziren zinemazaleek, material paregabea erakutsi zidaten: Zinebileraren 40 urteurrena ospatzeko, 2017an grabatu zuten elkarrizketa on, luze eta interesgarri bat, oraindik argitaratu gabe dagoena, Miren Agur Meabe idazlearekin solasean. Eta Ansolaren hitzak gogoratu nituen: “esan behar neban guztia, esanda dago”. Ordu eta erdiko grabazio bikaina da, argiztapen egokiz, soinu garbiarekin, sintonia onean galdera-erantzunetan, Benitoren bizitza luzeko momentu ezberdinak lasai azalduz… Material honekin TRILOGIAren lehen atala osotzeko ahaleginak egingo ditugu.
4. Korapiloa askatu nahian nenbilela, bueltak ematen nizkion artean, Jose Julian Bakedano ezagutu nuen Durangoko kafetegi batean eta nirekin batera Benitori elkarrizketatzeko prest zegoela aitortu zidan. Baita ideia bat proposatu: Benitok egindako pelikulen gainbegirada bat egitea, elkarrizketa batean. Eta horrela egin genuen: egun batean elkartu ideia borobiltzeko eta nolabaiteko gidoia egiteko. Hurrengo bisitan, goiz-ta-arratsaldeko grabazio nekagarri bukaezin bat egin, Ansolaren etxean, telebista aurrean eserita. Eta editatutako materiala ikusteko eta komentatzeko, Naia ilobarekin beste bisita baten TRILOGIAren hirugarren atala egiteko material filmikoaren grabazioa burutu.
Zazpi hilabete pasatu ondoren 88 minutuko dokumentala proiektatuko dugu, gaztelaniaz grabatuta eta euskaraz azpititulatuta ZINEBIri esker.
TRILOGIAren erdiko atala beraz, ikusiko duzue, jakinda, lehena eta hirugarrena bukatzeke daudela.

AURRERAKINA
Benitoren filmografia sakonago ezagutzeko eta Euskal Zinemaren lehen urratsak Lekeition nola eman ziren jakiteko, hementxe duzue “El Tesoro de Benito. Semblanza de Benito Ansola” filmaren TRAILER edo aurrerakina: honekin dokumentala ikusteko grina areagotuko zaizuelakoan nago. Baina gogoratu GONBIDAPENA behar dela aretora sartzeko.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude